Eduki publikatzailea

null 2023 TRIALS WORLD YOUTH GAMESi ESKER ONA

2023 TRIALS WORLD YOUTH GAMESi ESKER ONA

Esker-gutun hau hasi nahi dut ekitaldi handi hau posible egin duzuen guztioi TXALO bero-bero bat eskainiz. Lan-talde itzela zaretela erakutsi duzue, eta hori egin duzuen lanean ikusi da: orduak eta orduak pentsatzen, hausnartzen, muntatzen, desmuntatzen, eztabaidatzen, batekin eta bestearekin hizketan, etab. Asteburu hau oso berezia izan da parte-hartzaileentzat, beren laguntzaileentzat eta ikusle gisa joan garenontzat. Orain nekatuta egongo zarete, normala den moduan, baina gauzak ezin hobeto egin dituzuela esan nahi dizuet: jo eta su aritu zarete, denak emanda, egunero, eta hori igarri egiten da. Ezin dugu “baina”  bakar bat ere jarri. ZORIONAK!

Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiet parte-hartzaileei ere. Dena ematen aritu dira, eta malkoak ere ikusi dizkiegu, pozezkoak, amorruzkoak edo erorketaren baten ondoriozkoak. Oso gazteak zarete, eta seguraski ez duzue asteburu honetan bizitakoaren neurria baloratuko, baina, urteen poderioz, perspektibarekin, lortutakoaz ohartuko zarete, Duranako podium-era igo izan edo ez. Beraien ondoan egon zaretenoi, familietakooi: zorionik beroenak. Zuen seme-alabekin egoteko denbora hartzearen sakrifizioa egiteagatik, entrenamenduetara eta lehiaketetara eramateko, okerrenean ondoan egoteko, onenean hankak lurrean jartzen laguntzeko… Eskertzeko eta zoriontzeko modukoa da.

Eta, azkenik, mila esker UCI erakundeari ere. Proiektu honi baiezkoa emateagatik, eta TRIAL BIZIKLETA SCHOOL klubaren kudeaketan konfidantza jartzeagatik. Gure udalerria, Arratzua-Ubarrundia, mapan jartzeko aukera eman diguzue.

Hurrengo ekitaldian ikusiko dugu elkar!!

 

Amagoia Sáez de Ibarra Vea- Murguía

Arratzua-Ubarrundiako Udaleko Kultura eta Kirol Zinegotzia

 

 

 

Irudi gehiago (20+) Facebook

Informazio gehiago: 945299516

Albiste gehiago