Arratzua-Ubarrundiako udalak sortzen diren hondakinak behar bezala bereizteko deia luzatzen die herritarrei.
2023/05/22

Azken asteetan, udalerrian biltzen diren hondakinak tratatzeko instalaziotik Udalari jakinarazi zaio udalerritik datozen hondakin organikoak elementu desegoki askorekin iristen ari direla, hau da, izaera desberdineko hondakinekin, dena nahastuta, eta horrek guztiak horiek behar bezala kudeatzea eragozten du, eta azkenean zabortegira bidali behar izaten dira.
Tratamendu-instalazioek jasotzen dituzten hondakinak behar bezala kudeatu eta birziklatu ahal izateko, funtsezkoa da jatorrian hondakin frakzio guztiak behar bezala bereiztea, hau da, hondakin mota bakoitza dagokion edukiontzian uztea. Edukiontzietan biltzeko 5 hondakin-mota daude: organikoa, ontzi arinak, paper-kartoia, beira eta gainontzeko hondakinen frakzioa edo errefusa (sukaldeko olio erabilia edukiontzietan biltzeko seigarren frakzio bat ere egon daiteke).
Jatorrian sailkapena ondo egiten ez bada, instalazioan ezinezkoa da hondakin mota ezberdinak bereiztea, eta, beraz, “errefus” gisa kudeatu behar dute. Hain zuzen ere, horixe da gutxien sortu behar den frakzioa, zati horren azken helmuga, funtsean, zabortegia baita.
Agerikoa da hondakinak gaizki kudeatzeak ingurumenean duen eragina: kutsadura handiagoa, atmosferara egindako isurketak, zabortegien kolapsoa, lurzoruen eta akuiferoen kutsadura, etab.
Baina ingurumen-inpaktuaz gain, garrantzitsua da jakitea eragin ekonomiko zuzena duela udaleko kontabilitatean; izan ere, gaur egun, planta kudeatzeko kostua, errefusaren kasuan, 96,62 €/tonakoa da, eta horri 30 €/ Tn gehitu behar zaio, zabortegira bidaltzeagatik aplikatzen zaion zergarengatik. Beraz, tratamendu-kostua eta zabortegira isurtzeko azken zerga kontuan hartuta, errefusa-hondakinen tona bakoitzaren guztizko kostua 126 €/ Tn ingurukoa da.
Ordez, zati organikoaren tratamenduari aplikatzen zaion kostua % 53 merkeagoa da, eta ontzi arinen frakzioa behar bezala bereizita dagoenean, Udalak diru-sarrera ekonomiko esanguratsuak lortzen ditu.
Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da modu arduratsuan jardutea sortzen ditugun hondakinekin, lehenik eta behin hondakin gutxiago sortzen saiatuz, eta, bigarrenik, hondakinen frakzio guztiak behar bezala bereiziz jatorrian, eta hondakin bakoitza dagokion edukiontzian utziz.
Beraz, Arratzua-Ubarrundiako Udaletik dei egin nahi diegu herritar guztiei, enpresa txikiei eta gainerako eragileei sortzen diren hondakinekin arduraz joka dezazuen, eta bereizketa egokia egin dezazuen, ondoren birziklatze-indizeak hobetu ahal izateko.
Arduraz jokatu, gutxiago sortu, gutxiago kutsatu, eta hondakinak bereizi! Ingurumena zaintzeagatik eta guztion onura publikoagatik!